Igandea, 2009ko abuztuak 9.

Ofizialtasuna helmuga.

Abuztuaren 1ean Iruńean hasi eta zortzi egunera, atzo amaitu zen ESAITen IX. Mendi Martxa, aldarrikapen giroan.

Bilboko Udalaren oztopoen gainetik, «arrakastatsutzat» jo dute aurtengo ekitaldia.

Izar Mendiguren. Bilbo.

ESAITen Mendi Martxa atzo Bilbora iritsi zen unea; giro onean eta euskal selekzioa aldarrikatuz egin zituzten azken metro horiek. MARISOL RAMIREZ/ARGAZKI PRESS.

 

Ehun bat lagun elkartu ziren atzo mendi martxaren amaieran. M. RAMIREZ/ARP.

Abuztuaren 1ean Iruńetik abiatutako ESAITen IX. Mendi Martxa iritsi da helmugara, Bilbora. Zortzi egunean euskal selekzioaren aldeko irrintzia zabaldu dute Euskal Herriko makina bat txokotara. Besteak beste, Arbizu, Zegama, Arrasate, Elorrio, Dima eta Larrabetzutik igaro ondoren, atzo eguerdian iritsi ziren mendizaleak Bilbora, festa giroan, kalejiran.

Euskal Selekzioaren Aldeko Iritzi Taldeak (ESAIT) urtero antolatzen duen udako ekimena «arrakastatsutzat» jo zuten atzo antolatzaileek. «Batez beste ehun pertsona inguru bildu gara egunero, nahiz eta jende asko egun bakarreko etapa egitera etorri den. Horregatik, asteburuan gorakada nabaritu da», zioen Maite Lasa ESAITeko kideak eta mendi martxako antolatzaileetako batek.

Selekzioaren aldarria herriz herri zabaltzea da martxaren helburua. «Mendi martxaren bitartez herrietan taldeak sortu eta kirolariak batzeko aukera ematen du. Gure aldarria menditik herrietara jaisteko martxa da hau».

Egunotan mendi martxak herrietan egindako zeharkaldiak jendea irauli du. «Pasatu garen herrietan oso harrera ona egin digute: Afariak, herri kirolak... Ibili, jolastu eta parranda, denetik egin dugu». Izan ere, Euskal Herria ezagutzeaz gain, ondo pasatzeko eta jendea ezagutzeko parada ematen du ibilaldiak.

Etaparik luzeenak 36 kilometro izan ditu; eta laburrenak, 18. Hala ere, labur egin zaio abentura Lasari. «Leku eta adin askotako jendea batu gara, 20 urteko gazteak, 7 urteko umeak baita 72 urteko gizonezko bat ere. Gure artean oso giro ona egon da; mendian ibiltzeko talde bat gara, eta zortzi egunez denok bat izan gara».

Oztopoak oztopo, aurrera.

Baina zortzi egunotan dena ez da gozoa izan. Martxa amaierako ekitaldia izan zen horren erakusgarri. «Selekzio ofizial baten alde nazio oso baten aldarrikapena» egin duten mendizale, antolatzaile eta herriak zoriondu zituen ESAITek, baina Bilboko Udalak etengabe herri bazkaria egiteko jarritako zailtasunak eta oztopoak ere salatu zituzten.

Euskal Herriko hainbat alderdi politikoren jarrera ere salatu zuten atzo ESAITeko kideek, EAJrena bereziki. ESAITek abenduko futbol partida «zarata ateratzeko soilik» antolatzen duela salatu izan du EAJk, baina selekzioaren aldekoek atzo zehaztu zutenez, EAJk berak egin die aurka urte osoan antolatzen dituzten ekimenei. Euren aburuz, «estrukturala» da EAJk Euskal Herriko selekzio ofizialaren aldarriaz daukan jarrera. «Aspalditik edukitako jarrera». Horren adibide, 2007ko aurrekontuetan ESAITek jasotako «boikota» aipatu zuten mendi martxaren antolatzaileek. Horregatik, jeltzaleak euskal selekzioaren alde dauden edo ez zalantza dutela aitortu zuten.

Abenduko futbol partidaren harira, polemika «izenagatik» zela esan, eta Euskal Herriari ekarri dioten gauza bakarra kirolariak banatzea dela gaineratu zuen ESAITeko bozeramaileak. «Euskal Herriko kirol egiturak ez du bermatzen eta ez du bermatuko inoiz hemengo selekzio ofizialik».

Salaketatik, eraikuntzara

Horregatik, «Euskal Herriko beharrak bermatzen ez diren bitartean» urrats gehiago egiteko garaia dela uste dute. «Orain arteko ESAITen ekimenak salaketa eta aldarrikapenean murgildu arren, eraikuntza fase bat hasi behar dugula iruditzen zaigu. Beharrezkoa da jauzia ematea». Funtsezko bi betebehar jarri zituzten mahai gainean atzo. Lehena, herritarren konpromisoa lortzea. Eta bigarrena Euskal Herriko selekzio txikiak bateratu eta sustatuko dituen tresna bat sortzea.

Hala, ESAITen antolakuntza prozesutik hasita, herriz herri egiturak sortzeko deia egin diote gizarteari. «Soilik hori izango da Euskal Herriko selekzio ofiziala lortzeko bidea. Partida irabazita dugu, beharrezkoak diren elementuak baditugulako. Konpromisoa azaltzen duten kirolariak ditugu, eta herri honen hautua egin duen nazio bat ere bai».

Horrenbestez, 9. Mendi Martxak atzean utzi ditu datorren uda arte mendi, frontoi eta gimnasioak. Baita freskatzeko bidelagun izan duten sagardodun furgoneta ere. Orain, beste etapa bati egin beharko diote aurre, 357 eguneko bideari. Maite Lasak berak argi du: «Zenbait komunikabide eta politikari ESAIT ezkutatu nahian dabiltza. Baina lana badago, eta aukerak ere bai. Orain, zirrikituak aprobetxatu, eta borrokatzea baino ez da falta».

“Oso giro ona izan dugu. Mendian talde bat izan gara; zortzi egunez denok bat izan gara”.

“Gure aldarria mendietatik herrietara jaisteko martxa da hau”.

MAITE LASA.

ESAITeko kidea.

© berria.info